XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Hori duk, Queequeg!- baieztu zuen Achabek -.

- Bai, arpoi batzuk sartuta zeuzkak eta ondo okertuak; heuk ere arrazoi duk, Dagoo: zirrizta izugarria dik eta oso zuria; eta buztanari hik esanda bezala eragiten ziok, Tash, haizeak bela lokarria eten dion poka Poka: aurreko mastatik brankagara doazen beletarik edozein bat balitz bezala.

Bai, mutilok, zuek ikusi duzuen balea Moby Dick duk.

- Achab kapitana - esan zuen ordurarte isilik egon zen Starbuck-ek -, Achab kapitana, Moby Dick... Moby Dick ez ahal da ba zuri zangoa moztu zizuna?.

- Nork esan dik hori? - egin zuen oihu Achabek -.

- Bai, hala duk, Starbuck.

- Bai, mutilok, Moby Dick-ek masta kendu zidan, hari zor zioat hezur-hanka hil hau. Bai, bai!.

Bihotza herio zauriak jotako abereak egiten duen antzeko dehadar bat irten zitzaion Achab-i.

Bi besoak gora jasoaz jarraitu zen: - Bai, bai! Eta haren atzetik joango nauk Hornos lurmuturra baino haruntzago, eta Buena Esperanza baino haruntzago, eta Noruegako Maelstrom baino harago, eta behar bada baita Infernuko sua baino haruntzago ere!.

Abere madarikatu hori harrapatu eta hil arte ez diat etsiko.

Eta zuek ere hortarako untziratu zarete: Balea Zuria lasterkatzeko * Lasterkatu: atzetik norbaiti edo zerbaiti jarraitu harrapatu nahian.

Haren zirrizta odol beltzekoa bihurtu arte eta bera tripaz gora ikusi arte ez diagu atzera egingo.

Hortarako gertu ahal zaudete? Kementsu itxura duzuela iruditzen zeidak.

- Bai, bai!- zioten bero-bero arpoilariek eta marinelek Achabengana urreratuaz -.

- Gure begiak ernai daude Balea Zuria begiztatzeko eta gure arpoiak zorrotz Moby Dick-entzat!.